“Ut sit” konstituzio apostolikoa

Aulki Santuak, Konstituzio apostoliko honen bitartez, Eliza Katolikoaren lehen Prelatutza pertsonal bezala eraiki zuen Opus Dei, Vatikanoko II. Kontzilioak sortutako figura juridiko berri bat.

Gurutze Santuaren Apaiz Elkartea

“Hasieratik, hain zuzen ere, Erakunde hau, laikoen misioa Elizan eta gizartean argi berriez hornitzen ez ezik, aurrera eramaten ere saiatu da; era berean, santutasunerako dei unibertsalaren doktrina gauzatzen ahalegindu da, eta gizarte maila guztietan lanbidearen santutasuna eta lanbidearen bidez santutasuna sustatzen. Gainera Gurutze Santuaren Apaiz Elkartearen bidez, apaiz sekularrei, beren apaiz ministeritzan, ikasbide bera bizi dezaten laguntzen saiatu da” dio dokumentuak hasieran.

Opus Dei hazten ari zen neurrian eta mundu osoko elizbarruti askotara zabaltzen, ikusten zen beharrezkoa zela konfigurazio juridiko egoki bat ematea, eta “Vatikanoko II. Kontzilioak Elizaren ordenamenduan, Presbyterorum Ordinis Dekretuaren bidez (10.z), (…) Prelatutza pertsonalen figura sartu zuenetik lan pastoral bereziak egiteko, garbi ikusi zen figura juridiko hori guztiz ongi egokitzen zitzaiola Opus Deiri”.

1979an, Aita Santuaren mandatuz, Apezpikuentzako Kongregazioak arreta handiz aztertu zuen Opus Deik egindako eskaera formala, alde historiko, juridiko eta pastoralak kontutan izanik. Horrela, eskaera onartzeko edozein zalantza baztertuta geratu ondoren, Opus Dei Prelatutza pertsonal bihurtzea egoki eta onuragarri zela nabarmendu zen.

Beraz, 1982ko azaroaren 28an, Opus Dei, nazioarteko Prelatutza Pertsonal bezala eraikia izan zen eta, aldi berean, Gurutze Santuaren Apaiz Elkartea ere bai, Prelatutzari berez loturiko apaizen elkarte bezala. Dokumentu beraren bitartez, orduan Opus Deiren Lehendakari zena, Alvaro del Portillo Monsinorea, Opus Deiren Prelatu izendatzen zen.