Urte asko eman ditugu gaixoen bizimodua hobetzeko borrokan

Gipuzkoa Donostia Kutxaren gizarte-ekintza den Institutu Onkologikoak argitaratu du Jose Maria Irigaray sendagilearen “Nire bizitzako istorioak” liburua

Norberaren lekukotasun

Jose Maria Irigaray Urrutiak, 77 urteko medikuak, bere bizitza eta lan-ibilbideko oroitzapenak jaso ditu liburuan. Berrogeita hamar hamarkadaz geroztik aritu da lanean Gipuzkoako Institutu Onkologikoarekin, Institutu Radio-Kirurgikoa zenetik. Isotopoak, telekobaltoterapia, kobalto-bonba eta abarreko urteak ziren. 1963an Institutu Radio-Kirurgikoko Medikuntza Nuklearreko buru eta institutuko zuzendariordea izendatu zuten.

Bere oroitzapenetan Opus Dei nola ezagutu zuen kontatzen du: 1950ean, Zaragozan medikuntza ikasketak egiten ari zela. Han, Angel Garcia Dorronsoro eta Opus Deiko beste zenbait ikasle ezagutu zituen. Donostiara itzuli eta Fermin Gastaminza dentistarekin adiskidetu zen. 1962ko apirilean Opus Deiko kide bihurtu zen. Irigaray, Conchita Arrieta Zubillagarekin dago ezkonduta, eta bederatzi seme-alaba ditu.

Kutxaren Kultur Ekintzako buruak, Alberto Martinez Aramberrik, aurkezpenean dioenez, oroitzapen ordenatu horiek idazkera ulerterraz eta garbian irakur daitezke; testuak aukera ematen dio irakurle aditu eta zorrotzari idazle iaio honen nortasunera zertxobait gehixeago hurbiltzeko.

Norbere oroitzapenak deitu ohi ditugun horiek gehienbat bi oinarri dituzte: norbere bizipenak eta norbere historia profesionalak; biak ezinbestekoak gizonaren bizitza eta beronen lanbidean sinismenez beterik diharduen mediku baten bizitza ulertu ahal izateko.

Bizitzaren ikuspegi pertsonalari dagokionez, azpimarratuta ikusiko dugu familiaren kontzeptua. Jose Mari Irigarayk aurre-aurrean jartzen du familia bere bizipenetan; eta familia da nagusi bere oroimenak gogoratzen dituen lehen oroitzapenetatik bere heldutasun gaztera arterainoko ibilbidean. Irigarayk gogoko du familia, eta esker oneko agertzen da familiarekiko, liburu osoan barrena. Une oro inguruan duen familia horri ondare positiboa uzteko ahaleginetan ari da. familiari zor dion kezka horrek sinismen sakonenetan du sorburu, berak apaltasunez eta aldi berean trinkotasunez, erakusten dituen sinismenetan, alegia.

Profesionaltasunari begiratuz, lrigaray doktoreak lotsa faltsurik gabe kontatzen dizkigu bere liburuaren orrialdeetan zehar bere bizipenak: erraztasun handirik gabeko hasiera -garai haiek halakoak izan-, emeki-emeki bizitza profesionalean lortutako arrakasta eta medikuntzaren alorrean erdietsitako onespena eta, azkenik, instituzio eta profesional mailako hartu-eman on eta zabalak. Eta alor profesionala eta pertsonala lotuz, bere ongi egiteak, egiten jakiteak eta egite atseginak hainbat eta hainbat gaixo eta gaixoen familiakoengan utzitako oroitzapen atsegina.

lrigaray doktoreak laster egin zuen bat hainbat urtetan zehar -Gipuzkoa barruan eta baita kanpoan ere- jendeak ekimen zoragarritzat jo ohi duen erakundearekin, kutxaren Gizarte-Ekintza distiratsu batekin,' Radio-Kirurgiko''arekin, gerora "Onkologiko''a izatera iritsi denarekin, horixe baita azken urteetan mundu osoak, profesionalak barne, erabiltzen duen izendapena.