Praktika erlijiosorik gabe urte asko eman eta gero, 21 urte nituela konbertitu nintzen

Nire ama ere konbertitu zen eta berriro jaunartu zuen bere ezkontza egunetik 30 urte igaro eta gero

Norberaren lekukotasun

Sabine Lachowitz, Austriako Voelkermarkt-ekoa da eta 26 urte ditu. Donostiara etorri da urtebetez Nafarroako Unibertsitateko Ayete Ikasleen Egoitzaren Zerbitzu Orokorretan lan egitera.

Zertarako egonaldi hau?

Gaztelania ikasteko gogoa nuen eta baita herrialdearen kultura ezagutu eta esperientzia berria lortzeko asmoa ere.

Nola ezagutu zenuen Opus Dei?

Duela hiru urte, Vienan bizi nintzela. Done Jakue Bidea egiteko gogoz nengoen baina bakarrik egin nahi ez, eta laguntzaile baten bila nenbilen. Halatan, adiskide baten bitartez, espainiar neska bat ezagutu nuen, Vienan bizi zena. Bera ere Done Jakue Bidea egiteko prestakizunetan ari zen austriar neska batzuekin. Geroxeago zenbait neska espainiar gehiago ere elkartu zitzaion taldeari.

Egun haietako batean, lanaz aldatu nahi nuela bota nuen. Vienako lorategigintza enpresa batean nengoen enplegatuta eta lana gustukoa bazitzaidan ere, ez nengoen pozik inguratzen ninduen giroarekin. Vienara behin itzuli eta gero, Waehring izeneko estudianteentzako Egoitzan hasi nintzen lanean; sukaldeko lanetan hasi nintzen hor, eta baita arropa garbiketan aritu ere. Behin baino gehiagotan zera niotsan ene buruari: hemen pertsona baten gisara tratatzen zaituzte. Gustura nenbilen eta gainera, egitekoak askotariko eta bestelakoak ziren. Handik gutxira, bolada bat aritu nintzen Birkbrunn-en, Opus Dei-ko beste estudianteentzako Egoitza batean, alegia. Hiru urte igarota, hona etortzea erabaki dut, herrialdea ezagutzeko eta nire lanbide prestakuntza hobetzeko.

Nolako giroa dago Austrian erlijioari dagokionez?

Nire iritziz, prentsak begirune gutxiz darabil erlijioa eta jarrera kritiko bat erakusten du harekiko. Jendeak ez du erlijioaz jakiteko interes handirik. Neu, praktika erlijiosorik gabe urte asko eman eta gero, konbertitu nintzen 21 urte nituela, kristau talde bati esker, Bosnia-Herzegovinan dagoen Medjugorje-ko Andre Mariari eranspen handia diona. Nire ama ere bertan konbertitu zen eta berriro jaunartu zuen bere ezkontza egunetik 30 urte igaro eta gero.

Iaz, Vienako Gotzaina Ebanjelizazio misio bat sustatu zuen hirian. Astebetez mintzaldiak, topaketak eta mota ugariko ekitaldiak eratu ziren plaza, estadio, kafetegi, elizetan ea., “Kristori ateak zabal itzazue” goiburua zituztela. Mundu osotik bertaratutako jendea fedeaz mintzatu zen. Duela gutxi misio haren emaitzak argitaratu dira aldizkari batean: nabarmenak izan ez arren, guztiz positiboak gertatu dira.

Euskal Herrian emakume askok Andre Mariaren Irudi baten izena dute eta baita Jesusen bizitzaren uneren bat gogoratzen dutenak ere. Harrigarri samarra bazait ere, atsegin ere, atsegin dut hori.

Atsegin al duzu Donostiako hiria?

Itsasoa dut bereziki atsegin, igeri egitea eta belaz nabigatzea, horretarako aukerarik baldin badut. Deigarri zait ikustea nola jende gazteak banderak edo ikurrak idunean zintzilik daramatzaten, euren ideien erakusgarri, eta baita ere zer nolako grinak harrotzen dituen aberriarekiko zenbait kontuk. Austrian, antza bederen, jendea axolagabe samarra da halako arazoetan.

Zure herrialdearen aldean, nolako diferentziak nabaritzen dituzu hemen?

Elikadurari dagokionez, fruta ugari kontsumitzen da hemen egunero; platerak prestatzeko moduak ere guztiz bestelakoak dira, eta hemen oliba olioa erabiltzen da, neu hartara ohituta ez nagoela. Beste garrantzi handiagoko kontuetara bagoaz, atentzioa ematen dit kaleetan nabaritzen dudan familia zentzua: gurasoek umeak aurkezten dizkiete euren ezagunei, paseatzean elkarrekin topo egiten dutenean, adibidez. Haurrak arretaz darabiltzate. Ikusi dudanez, gainera, pertsona nagusiak ere paseatzera ateratzen dituzte, baita mugitu ezin daitezkeenak ere, beren gurpil aulkietan. Batzuk zein besteak behar bezala janzten dituzte, egoki eta dotoreziaz.