On egiteko nahi izatea ez da aski, jakin egin behar da

Roda Fundazioak, Bilbon, zenbait lurraldetan garapen pertsonal eta sozialaren alde lan egiten du, eta orain gutxi, Jardunaldi bat antolatu du bere solidaritate eginkizunean sakontzeko.

Azken berriak

Mons. Arregik, Ibarrako (Peru) Apezpikuak, “Kristau baloreak premia gehien dutenen garapen integralean, Opus Deiren Fundatzailearen pentsamenduaren arabera” gaiari buruz hitz egin zuen. Prelatuak gizaki guztiok duintasun bera daukagula adieraziz hasi zuen bere hitzaldia: denok Jainkoaren seme-alabak gara, beraz, familia bereko senide. Eta horrek besteen ardura izatera eraman behar gaitu, beren behar material eta espiritualetan. “Lagundu nahi izatea ez da nahikoa, zehaztu zuen. Profesionaltasunez lan egin behar da. Zerbitzatzeko gogoarekin batera, ahaleginak, lana eta ekimena behar dira, irtenbideak bilatu. Opus Deiren Fundatzailearen hitzetan: On egiteko, nahi izatea ez da aski, on egiten jakin egin behar da”.

M. Karmen Garmendiak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburu ohiak, Guggenheim museoan ospatutako ekitaldiaren esku hartzeak ireki zituen. “Solidaritatearen kultura” izan zen bere hitzaldiaren gaia. Bere iritziz, balore nabarmen honek besteei on egin ez ezik, praktikatzen duenari ere on egiten dio. “Gizarte osoak parte hartu behar du nolabait gaur egungo desoreka zaurgarrien aurrean; batzuk solidaritate pragmatiko edo eraginkor batez mintzatzen dira gaur” esan zuen.

Macarena Cotelok, Madrileko Fundación Promoción Social de la Culturako proiektuen arduradunak, Fundazioaren helburuak azaldu ondoren, San Josemariak sustatzaileengan izan zuen eragina eta fundazioaren garapenera bultzatzen duen kristau filosofiaz hitz egin zuen. Aldi berean, Fundazioak Afrikan eta Sortalde Hurbilean, kultura, erlijio eta arraza desberdinetako jendeen artean aurrera daramatzan zenbait proiektu aurkeztu zuen.

Bestalde, Sofia Collantes kazetariak dokumental bat aurkeztu zuen Opus Deiko kideek, beste pertsona batzuekin batera, munduko lurralde desberdinetan –Kongo, Estatu Batuak, Nigeria, Uruguai, Kenya– sustatutako garapen sozialeko ekimenei buruz.

Jarraian BBVAko Komunikazio eta Irudiko Zuzendari Orokorrak enpresen erantzukizun sozialaz hitz egin zuen. Juan Soutok, Manos Unidaseko Azterlanak eta Dokumentazio Departamentuaren Koordinatzaile Teknikoak, GKE honen kristau identitatea azaldu zuen.