Josemaria Escrivaren Kanonizazioa

2002ko urriaren 6ko goiz eguzkitsuan, laurehun mila baino gehiago pertsonaren aurrean, Joan Paulo II.ak Josemaria Escriva, Opus Deiren sortzailea, santu aitortu zuen San Pedro Plazan.

San Josemariari buruz

2002KO URRIAK 6-10: KANONIZAZIOKO KRONIKA Otoitz eta esker oneko egunak

Apaiz santu hau Erromara lehen aldiz iritsi zenean, 1946ko ekainaren 23ko ilunabarrean, Citta Leonina plazako etxebizitza txiki batean, teilatupean zegoena, jarri zen bizitzen, San Pedro basilikatik metro gutxira. Ilundutakoan etxeko kanpoko galeriara atera zen. Terraza estali horren aurrean Aita Santuaren bizilekua den Jauregiko leihoak ikusten dira. Hunkituta, Pio XII.aren alde errezatzen hasi zen. Beharbada, historiaren zehar Aita Santuaren alde bere bizitza eman duten hainbeste kristauen otoitzean oinarrituta errezatu zuen, edota Aita Santua ikustera, bere erromeria videre Petrum – Bidean idatzi zuen bezala – egin nahiko luketen beste asko gogoan zituela. Azkar igaro ziren orduak eta otoitzean ari zen oraindik egunak argitu zuenean: bere lehen gau erromatarra esna beilan eman zuen.

Erroman

Aita Santuaren apartamentuko leiho horiexen azpian, urriaren 6an, egunsentitik, Aita Santuaren alde eta Elizaren alde errezatzen zuen, San Pedro Plaza, Via della Conciliazione eta aldameneko zenbait plaza eta kale betetzen zuen jendetzak. San Josemariaren kanonizazioan parte hartu zuten pertsonak, 450.000 eta 500.000 artean ziren, agintarien esanetan. Askorentzat, bere lehen joan-etorria Erromara; zenbaitentzat, seguru asko, azkenekoa.

Irailaren azkeneko egunetatik hasi ziren iristen Erromara parte hartzaileak: hegazkinez, trenez, autobusez, beribilez, itsasontziz. Civitavecchiako kaian zortzi ontzi porturatu ziren ordu gutxian. Leku askotan bidariek gazte boluntarioekin topatzen ziren, edozein beharretan laguntzeko prest.

Urriaren 3an, Opus Deiren sortzailearen gorputz sakratua, datzan lekutik San Eugenio basilikara eraman zen, santu berriari errezatzera hurbilduko zirenak lasai sar zitezen tenplu zabala prestatu asmoz.

Ostiralean, urriak 4, gauez, Harambee 2002 egitasmoaren aurkezpen ofiziala ospatu zen, Santa Zezilia entzutegian, Via della Conciliazionen. Egitasmo hau san Josemariaren mendeurrena eta kanonizazioa direla medio sortutako ekimenetako bat da.

Santuen artean

Kanonizazioko zeremonia urriaren 6an, goizeko 10etan izan zen. “Hirutasun Txit Santuaren omenez (...) Santu aitortu eta zehazten dugu Josemaria Escriva de Balaguer dohatsua, eta bere izena Santuen Katalogoan jartzen dugu, eta Eliza osoan Santuen artean aintzat hartua izan dadin xedatzen dugu”, aldarrikatu zuen Joan Paulo II.ak. Batzarraren “Amen” hitzak eman zion bukaera kanonizazio errituari, eta txalo bero bat barreiatu zen San Pedro Plazatik Sant´Angelo gazteluraino. Meza bukatutakoan, Aita Santua, jendea agurtu nahirik, plazatik eta Via della Conciliazionetik itzuli bat eman zuen beribilez, Opus Deiko prelatu aldamenean zuela. Bidean, haur askok Aita Santuaren bedeinkapena jaso zuten baita kopetan musua ere.

Urriaren zazpian, goizez, Aita Santuak kanonizazioko parte hartzaileak audientzian hartu zituen. Joan Paulo II.ak bere hitzaldian, santu berriak erakutsi duen arima guztien aldeko baldintzarik gabeko zerbitzu jokabidea aipatu zuen: “agerian baitago, apaiz zerbitzuan bere burua eman zuela eta pobreenen aldeko ebanjelizazio eta promozio ekintza asko eskuzabaltasunez sustatu zituela”. Bukatu berria zen esker oneko Meza Santua San Pedro Plazan bertan, Javier Echevarria Monsinoreak, Opus Deiko Prelatuak, emana.

Audientzia bukatutakoan, Teoctist Patriarka, Errumaniako eliza ortodoxoko burua, iritsi zen, Aita Santua ofizialki agurtzeko. Audientzian parte hartu zutenek, behin eta berriz txalotuz erakutsi zuten mundu zabaleko katoliko askoren estimua eta bere batasun nahia.

Esker onez

Erromako zenbait basiliketan, 8an eta 9an, esker oneko Mezak eman ziren, hemezortzi hizkuntzatan. San Josemariaren kanonizazioarengatik antolatutako ekitaldiak urriaren 10ean bukatu ziren, bere gorputzaren lekualdaketa ospetsuarekin San Eugenio basilikatik Bakearen Santa Maria prelatu-elizara.