Isidoro Zorzano

(Buenos Aires, 1903 - Madrid, 1943)

Isidoro Zorzano

Jainkoaren Zerbitzari Isidoro Zorzano Ledesma Buenos Airesen (Argentina) jaio zen 1902ko irailaren 13an. Bere gurasoak espainolak ziren eta handik denbora gutxira Espainiara itzuli eta Logroñora joan ziren bizitzera.

Gaztetandik lan zaletasuna eta konpromisoak betetzeko zintzotasuna izan ziren bere ezaugarriak. Logroñoko Institutuan, gero Opus Deiren Fundatzailea izango zen San Josemaria Escrivaren ikaskide izan zen. Horrek garrantzi handia izan zuen Isidororen bizitzan.

1927an ingeniaritza ikasketak burutu zituen Madrilen. Bere ikaskideen artean jarraibide izan zen lanean eta zerbitzu espirituan. Bertute hauek argiago azaldu ziren bere lanbidean igaro zituen urteetan (Cadizen lehenik, gero Malagan –1928tik 1936ra– eta Madrilen azkenik). Espainian gatazka ideologiko eta sozial biziak zeuden garai hartan, Isidorok ospe handia lortu zuen bere kideen eta berak lan egiten zuen trenbide konpainiako langileen artean, bere gaitasun profesional eta bere ukapen espirituagatik. Ongi burutu nahi zuen lana, Jainkoaren aurrean egin, eta Jaunarengana arimak hurbiltzeko gogo biziak eraginda, irakaskuntzari ere ekin zion eta auzo pobreetako elkarte profesional eta laguntza eta asistentziako ekimen batzuei orduak eta ahaleginak eskaini zien.

1930eko abuztuaren 24an Opus Deiko kide izatea eskatu zuen. Lehenetariko kide bat izan zen, eta zintzotasun eredu izan zen beti munduaren erdian santutzeko Jainko deiari jarraitzen. 1936an Madrilera aldatu zen bizitzera eta han apostolutza lan ugaria egin zuen unibertsitate giroan eta bere lankideen artean.

1936tik 1939ra, Espainian Elizaren aurka sortutako jazarraldian eta geroko gerra zibilean, adore berezia adierazi zuen: Argentinako hiritar zenez, bazuen nolabaiteko askatasuna mugitzeko –katoliko ezaguna zelako arriskuan bazegoen ere–, eta laguntza materiala eta espirituala eskaini ahal izan zuen pertsona askori, haien artean hiriburuan isolaturik edo kartzeletan preso zeuden Opus Deiko kideei.

Berrogeiko hamarkadaren hasieran azaldu zitzaizkion denbora gutxitan heriotzara eramango zuen eritasunaren lehenengo sintomak: linfogranulomatosi gaiztoa. Bere agonia luzeak iraun zuen bitartean, haren Jainkoarekiko bat egitea egunez egun hazi zen. Medikuak nahiz sendatzen zuten erlijiosa erizainak harriturik gelditzen ziren ikusiz zein gogo alaitasunez onartzen zituen oinaze zorrotzenak. 1943ko uztailaren 15ean hil zen, gaixoen oliadura Opus Deiren fundatzailearen eskutik hartu ondoren.

Bere bizitzak oso ongi adierazten du zein den Opus Deiren espiritua: santutasuna bilatzea kristau bizitza arruntaren barruan, munduaren erdian, lanbidea gaitasunez burutuz, sinesmen eta maitasunaren argiz munduko gauza guztiak argitzearren. Bere santutasun ospea laster zabaldu zen gizarte alderdi guztietan. 1948 eta 1954 artean, izapidetu zen Madrilen Jainkoaren zerbitzariaren santutasun ospe, bizitza eta bertuteei buruzko informazio prozesua; 1964an Montrealen (Canada) aurrera eraman zen bere bitartetzari egozten zaion sendaketa miraritsu baten prozesua.