Hedabideek ezkortasuna azpimarratu dute; bere osoan irakurrita, ordea, askoz baikorragoa da

Iruñe eta Tutera, Bilbao, Donostia eta Gasteizko gotzianek “Gure kristau elkarteak berriztatu” pastoral idazkia argitaratu dute

Azken berriak

Iruñe eta Tutera, Bilbao, Donostia eta Gasteizko gotzianek “Gure kristau elkarteak berriztatu” pastoral idazkia argitaratu dute. Hona hemen Zeinu itxaropentsuak atalaren bi puntu

Zeinu itxaropentsuak, Elizan bertan

11. Gure elizetako bazter guztietan daude Espiritu Santuaren presentzia bizi eta ekintzailea ziurtatzen duten errealitate ebanjelikoak. Jainkoaren Hitza lehengo garaietan baino hobeto ezagutzen da eta gehiago estimatzen. Nahiz eta oraindik merezi duen leku nagusia izan ez, benetan «Elizaren euskarri eta kemen» (VATIKANOKO II. KONTZILIOA, Dei verbum, 21. z.) bihurtzen ari da pausuz pausu.

Gero eta ugariagoak dira Hitzaren irakurketa era pertsonalean eta elkartekoan egiteko sarbide-saioak. Fededun asko Jaunaren Hitza aurkitzen ari da pozez eta beraren eraginkortasun salbatzailea bizi du. Herri fededunari Hitza itzultzea da horien artzainen aspaldiko zeregina.

Antzerako zerbait gertatzen ari da teologiarekin ere. Aipagarria eta gorantz doana da gure Elizek eskainitako heziketa-zerbitzuetara hurbiltzen diren laikoen kopurua. Gure fedearen mamia hobeto ezagutu nahiak, zalantzak eta gaizki-ulertuak uxatzeko kezkak, kristau-bizitza koherenteagoa izateko borondateak eta «besteak hezi ahal izateko nork bere burua hobeto hezteko» ardurak sustatzen dituzte eliz zerbitzu horren bila dabiltzanak.

Egia da igandeko Eukaristiara joaten diren askorentzat aspergarria gertatzen zaiela eta errepikapen hutsa. Hala ere, aurrean dugun bidea luzea den arren, zalantzarik gabe esan dezakegu ospakizunaren kalitatea hobetu egin dela leku askotan. Orokorrean oharpenak, abestiak, erritmoa, partehartzea, Hitza hots egitea, prestaketa bera, duinagoak eta zainduagoak dira.

Baztertu eta marjinatuenganako elkartasun afektibo eta eraginkorra gizatasunezko zeinu ukaezina da eta gure fedearen ezinbesteko giltzarria. Adierazle guztiek erakusten

digutenez, puntu honetan kristauen «batez besteko tenperatura» gizarte osoarena baino altuagoa da. Gure elizbarrutietako Caritas taldeak biziak eta sortzaileak dira, eta gizartean gehien estimatzen den Elizaren aurpegia erakusten dute. Eliz eta herri-mailan elkartasunezko ekimenetan konprometitutako kristauen kopurua nabarmena da. Kristauelkarteak behartsuen alde erakusten duen diru-eskuzabaltasuna bere benetako sarreren zati garrantzitsua da. «Eskuak Elkarturik» taldeari eta Hirugarren Munduaren aldeko beste erakunde batzuei ematen zaien laguntza benetan oparoa da. Egia da pobreak oraindik ez daudela gure elkarteen erdian Jaunaren inguruan. Baina egia da, era berean, gero eta hurbilago daudela.

12. Azken hogei urteetan, ugaldu egin da pastoral lankidetzarako egitekoetan esku hartzen duten laikoen kopurua. Gero eta irekiago daude beren heziketa eta benetako

ardurakidetasuna eragiteko ateak. Arduraz ikusten dugu, hala ere, atzoko belaunaldien erreleboa gero eta zailagoa dela. Gizarte osoan nabaritzen da jendea ez dela compromiso egonkorrak hartzearen aldekoa. Gero eta zailagoa da lagunak aurkitzea enpresabatzordeko kide izateko, alderdi politiko bateko militante izateko, udalerako hautagaizerrendan aurkezteko, eskola kontseiluko kide izateko, edota kirol talderen bateko zuzendaritza berriztatzeko. Eta, jakina, baita parrokiako eginkizun eta erantzukizunetan konprometitzeko pertsonak aurkitzea ere.

Gure Elizaren irudian «zuzendaritza azaltzen da, eta ez hainbeste partehartzea». Errealitatea aldatuz doa urratsez urrats. Gure parrokia gehienek badute erakunde kolegiaturen bat apaizaren inguruan: Pastoral Kontseilu edota Parroki Batzorderen bat. Erlijiosoen obra gehienek ere beren Kontseiluak dituzte. Elizbarrutiko Pastoral Kontseilua finkatuta dagoen errealitatea da. Egia da geratzen direla oraindik agintekeriazko jarduerak eta bakardadean hartutako erabaki arbitrarioak. Denbora beharko da, gure artean partehartzea eta ardurakidetasuna nagusi diren «kultura» sustraitu dadin.

Erakunde zibilen babesik eta inguruko giroaren «aldekotasunik» jasotzen ez duen Elizaren egoera berak apalago izaten eta hainbesteko harrotasunik gabe jokatzen laguntzen digu, eta informazioan eta komunikazioan gardenago izaten, isilka jokatu gabe.

Azkenik, borroka luzeek markatua daukaten lurraldea da gurea, terrorismoaren astindua jasan duena, giza eskubide indibidual eta kolektiboen bortxaketaren testigu dena, era askotako sentsibilitate politikoez zeharkatua dagoena, alderdi politikoen arteko elkarrizketak gutxi landu duena...; hori dela eta, gure lurralde honetan bakea ezartzea izan da eliz arduradunen eta kristau askoren etengabeko ardura eta nahia.

Bake egonkor eta zuzenaren irrika bizia da eta guztiz hedatuta dago elkarte katolikoan. Gure garaiko kulturaren atmosferan jasaten dugun erlijio-aterperik ezak ahuldu egin du, zalantzarik gabe, askoren fedea. Gizateriaren historiaren izugarrikeriek mende honetan bertan (hala nola, holokausto nazia, «gulag» komunistak, Rwanda eta Sudaneko sarraskiak, HIESaren zabalkunde ikaragarria edota hondamendi naturalak), filosofo sinesgabeen liburu askok baino gogorrago astintzen dute gure fedea. Baina kasu askotan fede hori araztu egin da, eta aurrekoengandik hartua izatetik pertsonalagoa, araztuagoa eta landuagoa izatera igaro da.