Goimendi ikastetxeko boluntarioek Ugandan eman dute uztaila

Sorgina izango banintz ikastolak irekiko nituzke Afrikan, haur guztiek hezkuntza har dezaten dohainik, hori baita gizarte garatzeko tresnarik hoberena

Giza jarduerak

Natalia Medikuntzako ikasle sutsua dugu. Donostiarra da eta, Iruñean ikasten duenez, ikasturtean zehar Goimendi Ikastetxe Nagusian bizi da. Ugandan eman du uztaila, umezurtzentzako ikastola batean lan egiten.

Zu iaz ere Kampalan, Ugandako hiriburua, izan zinen. Urte batetik bestera hobeto nabaritzen da zuen lanak balio izan duen ala ez. Iazko zuen lanak iraun al du?

Egia esan, bai iraun duela! Iaz oilategi bat eraiki genuen eta oraindik lanean dirauela jakiteak asko poztu gintuen. Umeek ilusioz beterik hartu gintuzten, eta gozamena izan zen oilasko jan ohi dutela entzutea. Dena dela, aurten areagotu egin dugu oilategia, eta etekin garbiagoa lortu ere bai.

Ongileek eman ziguten emariekin oilo gehiago erosi ditugu, eta bi neskato umezurtz bidali ditugu hiriburuko abeletxe handi batera; han hiru hilabeteko ikastaro egiten ari dira, hemendik aurrera abeltzaintza profesionala beraien ogibidea izan dadin.

Iritsi zinetenean, bertako jendea zuetaz oroitzen zen?

Aurten gutako hiru berriro joan gara, ekitaldiari jarraituz, eta ongi baino hobeto akordatzen ziren gurekin. Baita iazko gainontzeko boluntarioak zergatik ez ziren etorri galdetzen ziguten ere; haienganako txera handia erakusten zuten. Hango jendea miragarria da, esker onekoa, alaia, beti atsegina eta irribarrez begiratzen dute.

Umeak HIESek jotako gurasoen zurtz dira. Ikastolako komunak eraikitzen aritu gara, ikasgelak berritzen, arbelak margotzen, zoruak eta paretak lautzen, eta abar. Mutil koskorrei laguntzeko eskatu genien, gero haiek arduradun izan daitezen; horiekin idazmahaiak ere konpondu genituen. Aldi berean, umezurtzen etxea moldatu dugu, eta eman dizkiegu zientzi eta matematikako eskolak.

Bi aldiz joan zarete Ugandara boluntario gisa. Abenturazale amorratua zarete edo hondartza ez duzue gustukoa?

Bai gustatzen zaigula hondartzara joatea! Eta argi dago pixka bat abenturazale garela, baina toki berean ekitaldia errepikatzea ez da arriskutsua, ongi baitakizu zer aurkituko duzun han. Uda oso luzea da eta denetarako aukera dago; ikasturtean zehar ere boluntario moduan egin daiteke lan, baina udan besteei zeharo eman ahal diezu astia. Fededunek lagunkide izan behar dugu, besteei gure arreta eta denbora eskainiz, eta nori baino behartsuei?

Goimendin bizi zara. Zergatik antolatzen dituzue holako ekitaldiak Goimendin?

Goimendin boluntarioen laguntza sustatzen da urte osoan zehar. Elkarrekin bizi gara ehun neska eta horietako asko elkarlanean ari dira UAS (Universitarios por la Ayuda Social) erakundearekin: minbiziak jotako umeak edo agureak bisitatzen, ikastolako lanak egiten laguntzen eta abar.

Udan, berriz, kanpoan antolatzen dira ekitaldiak, laguntzarako prestakuntza burutzeko. Egia esan, Ugandan kristauek Jainkoarengana eramaten zaituzte, fedea nola bizi diren konturatzen zaretenean. Gu egunero mezara joateko aukera izan genuen Munyoyo parrokian; goizeko zazpietan zen eta beti jendez josita zegoen, baita gazte jendez ere! Han mezak oso alaiak eta parte-hartzeko aproposak ziren, kantu askorekin. Bueltatzean, alde handia dagoela nabaritzen da. Batez ere hemengo bataz besteko edadea 60 urtekoa da. Ez dakit ba, lan asko dago hemen ere…

Sorgina izango bazina zer eramango zenuke hemendik hara, eta alderantziz?

Sorgina izango banintz ikastolak irekiko nituzke Afrikan, haur guztiek hezkuntza har dezaten dohainik, hori baita gizarte garatzeko tresnarik hoberena. Azken batean, ugandarrek berek eramango dute aberria aurrera. Argia eta edateko ura ere eramango nituzke etxe guztietara. Horren truke, handik hona, ordea, jendearen alaitasuna, erritmoa eta eskuzabaltasuna ekarriko nituzke. Duten apurra ere ematen dizute; sinesgaitz da guretzat hori.

Urte honetako pasadizoren bat bururatzen zaizu?

Aurten bururatu zitzaigun haurrentzako festa bat antolatzea bizi ginen etxean. Uztailaren 16an izan zen, Ama Birjinaren festan, eta auzoaren apaizak Karmengo eskapularioa jarri zien nahi izan zuten umeei. Donostiako andere batek emandako karamelu eta puxika mordo bat erabili genituen festan. Haurrak txoratuta zeuden, benetan liluratuta. Bai gutxirekin zoriontsua izan ahal direla! Asko eta asko dira lagundu nahi dutenak, baina nola ez dakitela; ba, edonork lagun dezake, bakoitzak bere erara. Emakume horrek ahal zuena eman zuen, karameluak eta puxikak; bazirudien ezer gutxi zela, baina hori izan zen haurrei gehien gustatu zitzaiena, inoiz ez baitzuten ikusi halakorik ordura arte.