D. Luis Felipe Areta

Atleta pentsamolde duen apaiza

Norberaren lekukotasun

2007ko abenduaren 27an Kirol Prentsako Gipuzkoako Elkarteak urteko kirolaririk onenaren saria Aritz Aranbururi eman zion. Ekitaldi horretan elkarteak kirol merituari deritzoten dominak banatu zituen belaunaldi ezberdinetako hiru kirolariri: Pipe Areta, Ramon Cid eta Naroa Agirre.

D. Luis Felipe Areta Filosofian eta Kazetaritzan lizentziatua da. Hogeita hamar urtean Espainiako errekorduna izan da Salto Hirukoitzean, eta hiru olinpiadetan hartu zuen parte: Erroma (1960), Tokio (1964) eta Mexiko (1968).

Apaiztu zinenean hedabideetako sektore batek haizeren batek jo zintuela zioen. Zergatik apaiztu zinen?

Garbi dago inor ez dela apaiz egiten haizeren batek jota. Apaizgoa Jaungoikoaren dohaina da, eta Berak deituta iristen da. Lehengo txinparta une bateko kontua izanda ere, egiazko maitasunaren suak denbora behar du pizteko. Apaiz izateko deiari nire erantzuna ez zen, bada, haizeren batek eraginda, baizik eta ondo mamitua eta askatasun osoz emanda.

Opus Deien norberaren bizitzan Jaungoikoa sartzeaz hitz egiten da. Nola burutzen da hori atletismoan?

Urtetan berak lortutako markak ez ziren hautsi

Domina olinpiko bat jokoan zenean ni ere urduri jarri arren, banekien ez nengoela bakarrik: Jaungoikoa nirekin nuen. Saioa ondo ateraz gero, eskerrak ematen nizkion, poz hori lortzen lagundu zidalako. Eta gaizki ateratzen zenean, ustekabeko hori eskaintzen saiatzen nintzen. Ez zara sorgor bihurtzen, baina urduritasuna, pozak eta nahigabeak Jaungoikoari eskain zaizkioke eta horrela zentzu berri bat irabazten dute; horra hor sekretua. Ez dago porrotik, zeure burua gainditzen laguntzen dizuten ikus-ikasiak baizik. Orduan, hurrengo proban pentsatzen hasten zara, adorerik galdu gabe, larritu gabe.

Baina gauzak gaizki ateratzen direnean, bizitza beste era batera ikusten da. Ez al duzu ezbeharrik jasan zure kirol karreran?

Noski baietz. Gogoan dut 1968an sasoirik onenean nengoela, domina olinpikoa lortzeko zorian. Finalaren eguna iritsi zen eta beroketak egiten, eskuineko txorkatilan min arraro bat agertu zitzaidan. Ez zen arrunta, zerbait berri baizik. Mina ematen zidan, gero eta gehiago. Lehenengo saioan gaizki eta herren gelditu nintzen. Beste batzuk nire aurretik pasatzen ikusten nituen, puntuak irabazten; baina niri bukatu egin zitzaizkidan saioak, ilusioak eta olinpiadak. Hedabideek jaso zuten, ez bakarrik Aretaren porrota, baizik eta huts egin niela milioika jarraitzaileei. Une latzak izan ziren. Gero aurkitu zidaten hezurraren ezpal bat askatuta zegoela, ziztatu egiten zidana. Ebakuntza egin zidaten eta errekuperatu egin nintzen, baina dominaren aukerak alde egin zidan. Gauzak erlatibizatzeko balio zidan: garrantzitsuak direla ematen duten batzuk, azkenean ez dira hainbeste. Gero konturatu nintzen Jaungoikoak gertaera saminak gerta dakizkigula uzten duela, gure onerako direlako.

Ezagutu al zenuen Josemaria Escriva de Balaguer?

Parte hartu zuen azken Joku Olinpikoetan

Bai, ezagutzeko zoria izan nuen Erroman bizi nintzenean, 1962tik 1964ra, Erromako olinpiadarako prestatzen ari nintzela. Benetako aita zela egiaztatu ahal izan nuen: gertutik segitzen zuen nire kirol ibilaldia; izan ere, bere seme-alabekin zerikusirik zuen guztia aintzat hartzen zuen. Jaungoikoa entrenamenduko pistetan eta lehiakideekin norgehiagokan bilatzera berotzen ninduen. Beraiei ere eginkizun liluragarri horren bidez Jaungoikoaren semetasunaren miragarria agerian jartzen saiatu behar nuela esaten zidan, eta horrekin batera bakea eta poza. Behin batean esan zidan: ‘Saltatzera zoazen bakoitzean, pentsatu Jaungoikoa irribarrez begiratzen dizula...’. Giza egoera askotan erabil litekeen aholku hau praktikan jartzeak konfiantza osoz betetzen ninduen... eta saltatzeko gogoz ere!