Bizitza osoaren emaitza saritu zuten Eusko Ikaskuntza eta Euskadiko Kutxak

Alvaro D’Ors katedraduna hil zelako urtebetea

Azken berriak

Orain dela urte bat, otsailaren 1ean, Alvaro D’Ors jauna hil zen. Bartzelonan jaioa zen, 1915ean. Palmira Lois anderearekin ezkondu zen eta hamaika seme-alaba izan zituen. 1940an San Josemaria Escriva ezagutu eta bederatzi urte geroago Opus Deiko kidea izatea erabaki zuen. 1996an Eusko Ikaskuntza- Euskadiko Kutxaren Giza eta Gizarte Zientzien Saria jaso zuen, Nafarroako Unibertsitatean. Baita Bianako Printzearen Domina ere jaso zuen Erromatar Zuzenbideko katedradunak.

Eusko Ikaskuntza eta Euskadiko Kutxak, Giza eta Gizarte Zientzietan, adiera zabalenean hartuta, Euskal Herriko curriculum nabarmenena duen ikerlaria gorendu nahi duen saria ematen dute urtero. Beharrezkoa da saritutako pertsonaren lanak oro har Euskal Herriko zientzi garapenari lagundu izana. Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa sariak, Euskal Herriko Unibertsitateetako departamentu eta institutuetan edo zientzi eta kultur Erakundeetan lanean diharduten zientzialarien modus operandi eta emaitzetan bikaintasunak duen balioa indartu nahi du.

Saria emate ekitaldian Miguel Sanzek, Nafarroako Gobernuaren Lehendakariak, hurrengo agurra eskaini zion Alvaro jaunari euskaraz: Atsegin handiz nator sari-emate honetara, Eusko lkaskuntzako lehendakariaren gonbiteari esker, eta Eusko Ikaskuntzak Euskadiko Kutxarekin batean antolatutako aurtengo Giza Zientzien eta Humanidadeen arloan curriculum zientifiko hoberena saritzeko Sari Berezia emateko ekintzaren buru izatera. Nafarroarentzat hain paregabe eta maitagarria den Alvaro D'Ors jaunak eskuratu du aurtengo saria, guretzat Alvaro besterik ez, horrela ezagutzen baitugu guk eta Nafarroako Unibertsitateko hain gogoko dituen ikasgela hauetako ikasle, jarraitzaile eta lankideek.

Eusko Jaurlaritzako Lehendakariaren ordez, Maria Carmen Garmendiak ere, orduko Kultur Sailburuak, Alvaro jauna zoriondu nahi izan zuen: Lehendakariaren izenean zorion agurra ekartzera etorri naiz Alvaro D'Ors jaunari iluntze honetan eta benetan poz eta ohore handia da bere izenean enkargu eta mandatu hau bete ahal izatea; horrelako bizitza oparo bat sari honekin izan duen ezagutza guztiz merezia duelako. Beraz, Alvaro D'Ors maisuari -euskaraz ere, maisu esaten dugu latinetik hartuta, maisu-, bere maisutasunarengatik zorionak eta esker on.

Pello Salaburuk, Euskal Herriko Unibertsitateko orduko Errektoreak, Alvaro jaunaren curriculum harrigarria azpimarratu zuen: Giza eta Gizarte Zientzietako Saria da gaur ematen duguna hemen. Alde batera utzi da oraingoan zientzia "gogorra" deitzen dugun hori. Teknika alde batera utzi dugu eta nik uste dut halako sariak ematea, benetan, haize freskoa ekartzea dela. Haize freskoa ekartzen digula gizarte osoari. Norbait oroitzen baita zientzia gogorren ondoan badirela beste mota bateko zientziak ere. Eta gaur arratsaldekoak dira horrelakoak. Zorionak Alvaro D'Ors irakasle ospetsuari, ongi merezia baitu bere saria. Curriculum harrigarria erakutsi digu. Hainbeste lekutan irakasle izana, ehunkada lan han-hemenka argitaratuak, nazioarteko harreman sendoak, dozenaka ikasle eta dizipulu leku askotan. Bizitza osoaren emaitza da gaur saritzen dena. Horregatik berriz ere, zorionak.

Gregorio Monrealek, Eusko Ikaskuntzako Lehendakariak esplikatu zuen Giza eta gizarte zientzietan den Euskal Herriko curriculumik hoberena sariztatzen duela Eusko Ikaskuntza-Caja Laboral Sariak. Gaur eguneko gizartearen lehiakortasunean, ezagumenak berak eta bere aplikapen praktikoek lehen mailako eragilea delako konbentzimenduak bultzatu zuela sari hau sortzera. Zalantza guztien gainetik baitago herrien ezagumena, lehiakortasuna eta bizi-iraupenaren arteko harreman estua.