Bizi kalitate hobe baterantz

Jutta Burggrafi, Nafarroko Unibertzitateko Teologiako Fakultateko irakaslea, familiari buruz egindako elkarrizketa

Azken berriak

Zer moduko garrantziak du famili giroak gaur egun?

Gaur egun, jende gehienak enpresa, fabrika, administrazio, bulego eta dendetan lanean diharduela, etxeko giro atsegin eta abegikor baten premia gorria du, lanetik itzulitakoan bere zain dagoena. Etxekoandre baten eginbide zail eta halaber garrantzitsuena halako giroa sortzea da, hain zuzen. Etxean lasaitasuna lortuko bada, guztiz premiazkoa da norbaitek denbora izatea, beti presaka, estu eta larri ez dabilen norbait, alegia, besteei adi entzuteaz eta beraiei lasaitasuna eta adore emateaz beste zeregin edo buruhausterik ez duena. Tentsioak goxatu behar dira, desilusio eta neke-minak arindu, arrakastak elkarrekin partekatu eta arazoak batera aztertu eta eztabaidatu. Inon aurkitu behar sostengu hau, eta non etxean baino hobeto?

Etxeko lana ez ote da guztiz monotono?

Etxekoandreen lana benetako lanbide edo profesio bat da, ganorez eta konpetentziaz egiten denean. Ez da, inondik inora ere ez, monotono edo aspergarria. Abantailarik ere badu. Besteak beste, bere gogoz eta erara antolatzen du etxekoandreak berak, neurri handi batean behintzat, gauzak nola eta noiz egin. Horrek ematen duen askatasun eta beregaintasuna ez txantxetako gauza!.

Etxeko lana garbialdi astunak, ekorketa edo eskobaldi amaiezinak edo hauts izpi txikienekin ere muturka ibiltzea baino ez dela uste baduzu, orduan bai, noski, orduan erabateko konnotazio edo kutsu negatiboa sumatuko diozu. Ezin uka ohikeria, aspertzea eta huskerietan erortzea etxekoandrearen lana mehatxatzen duten arriskuak direnik, baina ez ote dago beste lanbide askotxotan ere beste horrenbeste gertatzen?. Enpresaburu batek, adibidez, bere sinadura makina bat aldiz erantsi behar du egunero paperetan; eginbehar hau dela eta bekaitz edo inbidia zipitzik izango ez badiogu ere, ez dugu esango bere lana balio eta erakarmen handikoa ez denik.

Zeure iritziz, etxeko zoko goxora itzuli behar luke emakumeak?

Nire irudiko, bai gizonezkoek eta bai emakumezkoek saiatu behar dute familiarekiko eskakizunak eta etxez kanpoko lanaren egitekoak batera eramaten. Pertsona orori eman behar zaio hobekien deritzona askatasunez egiteko aukera, behargabeko polemika berririk piztu gabe.

Original eta bakarra da familia bakoitza. Ezkontideen maitasunak erantzun arras ezberdinak eta baita elkarren kontrakoak ere eman liezazkioke egoera jakin bati. Izan ere, eguneroko famili bizitza antolatzeko ez dago aurrez eginiko soluzio edo arau orokorrik ematerik, ezta egoera jakin bat kanpotik epaitzerik ere.

Familia edo lanbidea? Zer aholkatzen diezu emakumeei?

Lehenengo eta behin, garrantzitsuena ez da nork zer egiten duen, hori nola egiten duen baizik. Ez lanak eta ez familiak ez dute, berez, gizabanakoen edo pertsonen arteko arazoak konpontzeko balio, biak ala biak bere on-gaitzak dituzte eta.

Izan, familiaren onerako izan daiteke modu askotara emakumearen lana. Besteak beste, emakumea lanean aritzeak errazago egiten duelako bai senarrarekin eta bai seme-alabekin trabarik gabe komunikatzea eta elkarren artean ongi ulertzea. Gaur egun etxea txukun eramateko gai ez ezik, adiskide izateko ere gauza diren amak dira beharrezkoak.