Bi hamarkadaz Donostian irakasle izan ondoren, aurten apaiztu da Nicolas Prieto

Hezkuntzak irakatsi dit pazientzia izaten. Gaztetxoek –eta helduek ere bai- denboraldi txarrak pasatzen dituztenean, itxaron egin behar da

Norberaren lekukotasun

Nola eman zenuen saltoa hezkuntzatik, Erain ikastetxetik, apaiz izatera? Zer ikasi zenuen Erainen? familiengandik?

Hezkuntza barnean neukan, zeren Filosofia ikasi bainuen eta, gainera, oso hurbil daukat nire gurasoen eredua. Maisu-maistrak izan ziren berrogei urte baino gehiagotan, herri txikietan. Irakaskuntzak familien, pertsona guztien, ilusio eta arazoak ezagutzera eramaten zaitu. Horrek asko erakutsi didala uste dut. Adibidez, pazientzia izaten, zeren batzuetan haurrek eta gaztetxoek –helduek ere bai, noski– denboraldi txarrak pasatzen dituzte, eta itxaron egin behar da, larritu gabe, eta lagundu egin behar zaie, zure ahaleginek itxuraz ezertarako balio ez badute ere.

Azal al diezagukezu gertaera erabakigarriren bat zure deiaren bidean?

Urte asko daramatzat Opus Dein, eta ikasi dut Jainkoa bilatzen, eta besteak nire lanean zerbitzatzera, egunez egun, sinesmenez eta modu zehatzez arituz. Apaiz izatea “lanbidez” aldatzea da, baina nire bizitzako helburuak, xaloa eta zorrotza aldi berean, ez du aldatu beharrik. Lanean, proiektuak izateaz eta planak egiteaz hitz egin ohi da maiz … Nik ez dut inoiz nire bizia proiektu bezala ikusi, baizik eta dei baten erantzuna bezala. Ekimena Jaunari uzten saiatzen naiz, eta gero berak eskatzen didanari erantzuten, ahalik eta ondoen. Horrela heldu naiz ere apaiz izatera, ez zen nire ideia izan, pozez beterik hartu nuen oparia baizik.

Apaiz egitearen berria dela eta, zure familiaren pasadizoren bat edo adiskideen erreakzioak?

Nire ama, senideak, osaba-izebak, lehengusu-lehengusinak oso pozik daude. Familia luze eta batua da gurea, baita Amerikan bizi direnak ere. Haiek beren mail-en eta otoitzen bidez lagundu naute. Benetan poztu ninduen batxilergoko aspaldiko lagun batek. Merkataritza nabigazioan lan egiten du, eta untzia utzita, Erromara etorri zitzaidan emaztearekin egun batzuez. Eraingo guraso batzuk ere etorri ziren, ikasle batzuekin, eta beste askok idatzi edo telefonoz deitu didate aste hauetan. “Hitzez” euskaltegitik ere deitu zidaten, hango ikasle izan bainintzen. Bereziki gogoratzen dut aspaldian istripu batean semea galdu zuen familia bat. Haien gutunetan kristau adiskidetasun ikasbide eder bat jaso dut.

Nolako eragina izan du zugan Aita Santuaren jarraibideak?

Beste batzuetan Erromara joan eta Aita Santua ikusteko aukera izan banuen ere, San Pedroren hilobiaren ondoan bizi izan naizen urteok bereziak izan dira benetan. Elizaren zabalkuntza ikusteak bihotza ukitzen dit, adibidez, hiria betetzen duten Afrikako, Asiako eta Latinoamerikako hainbeste apaiz, lekaime eta erromes. Eliza katolikoa gainbeheran dagoela edo Kristorengan sinesteak erakargarritasunik ez duela pentsatzen dutenek erabat oker daude. Aski dugu begiak zabaltzea. Joan Paulo II.aren 25. aitasantutzaren urteurrena hurbiletik bizi izan dut eta italiarrek –erromatarrek batez ere– dioten maitasun beroa ikusi dut, hala nola Aita Santu honen indarra bere zahartzaroan. Ia egunero, RAIko Telegiornale-ri eskerrak, haren egintzak, garai gogor hauetan herrien arteko bakearen alde egiten dituen ahaleginak, jarraitu ahal izan ditut. Eta aldi berean, hemen bizi izateak, nire herria gehiago maitatzera bultzatu nau, beste modu batez ikustera, eskerronez.