Anihan, okindegian espezializatuentzako eskola

Filipinetan, eskola batek okindegian espezializatutako Elikagaien Serbitzu diploma bat eskaintzen du. “Egunen batean neure gozotegi bat izango dut” dio Rochelle Bertudesek.

Azken berriak

Anihan Technical School, Foundation for Professional Training Inc. (FPTI)-k dituen proiektuetako bat, Lagunan (Filipinetan) aurkitzen da. Okindegian espezializatutako Elikagaien Serbitzuko diploma bat eskaintzen duen eskola honek Calamban, hiri historikoaren muinoen artean du bere egoitza egonkorra.

Diplomaturaren bi urtetan zehar, sukaldaritzako teknikak eta negozioei eta enpresa zuzendaritzei buruzko oinarrizko ezaguerak eskuratzen dituzte ikasleek.

“Graduatu ondoren, enpresaburu izateko gauza dira emakume hauek”, esaten du orain gutxi arte Anihaneko zuzendaria izan den Rowena Nazarenok. Eta hauxe eransten du:  “Diru sarrera eskaseko emakumeei bizimodua irabazteko eta beren nortasuna garatzeko behar dituzten ezaguerak eta trebakuntzak ematea da gure helburua”.

FPTI-ko proiektuen oinarrian, emakumearen garapenerako Josemaria Escrivak emandako irakaspenak daude. “Lan orok –dio Opus Deiren Sortzaileak– gizakiaren duintasunaren testigantza ematen du, kreazioaren gainean duen nagusitasunarena. Norberaren nortasuna garatzeko aukera bat da”.

Ikuspuntu honek emakumeen hezkuntza maila eta lanbide prestakuntza altxatzea bilatzen dituzten proiektuak eratzera eraman du FPTI, kristau ideal hau betez: eguneroko lana santu egitea san Josemariak erakusten duen bezala.

Etorkizun hobea

Julie Ann Balneg, 18 urte, Elikagaien Serbitzuko bigarren urtea ikasten ari da. Bere familiari laguntzeko asmoarekin, etorkizunean jatetxe txiki bat jarri nahi du. Julie eta Anihaneko beste ikasle baztuk dedikazio partzialeko lanak egiten dituzte, diruren bat irabaztearren.

Rochelle Bertudesek, 17 urte, graduatu ondoren sukaldaritza azkarreko enpresa batean lan egitea darabil buruan. “Nahiko diru biltzen dudanean, elikagaigintza alorrean jarraitu nahi ditut nire ikasketak. Egunen batean neure gozotegia izango dut” azaltzen du. 

“Eskolan benetan arduratzen direla gutaz uste dut. Gu ondo ezagutzen saiatzen dira, gure talentuak aztertuz, fruitu eman dezaten gero. Izan ere, ikasten laguntzen digute” eransten du.

Ez da guztia hezkuntza pertsonalera mugatzen Anihanen. Ikasle guztiak behartsuenen alde jarrera gogotsua izan  dezaten bilatzen da. Asmo honekin sortu zen inguruko auzoetarako gizarte-laguntza proiektua.

“Hauxe da gehien gustatzen zaidana eskolan” dio partaide batek. Ikasle batzuk, beren aisialdian, matematika eta higiene eskolak ematen dituzte. Horretaz gain, kristau ikasbidea ere. nahi duenari. “Haur horietaz arduratu nahi dut, askotan ez baitzaie behar duten arreta ematen. Aurpegi zikina daramate eta badirudi inork ez diela esan arropa gaizki jarria daramatela. Batzuetan ezta beren jaioteguna ez dakite!

Lana otoitz bihurtzea da Anihaneko ikasle guztiei erakutsi nahi izaten zaien ikasgai nagusienetako bat. “Lanean ari naizela otoitz egin dezaketela dakit orain, Platerak garbitzen ditudan bitartean, adibidez, Agur Maria bat esan dezaket”, esaten du bigarren ikasturteko ikasle batek.

Doreen Greece Guevarra ere, 18 urteko ikasle bat, Elikagaien Serbitzuko bigarren ikasturtea egiten ari da. Atsegin zaio sukaldaritza liburuak irakurtzea eta errezetak prestatzea. Liburu eta aldizkarietan azaltzen diren gozokiak laberatzen ikasi du. “Atsegin dut janaria prestatzea eta Anihanen lanbide hori ikasten ari naiz. Baina eskolan nire helburuak zabaltzen erakutsi didate. Pastel zoragarriak egiteaz gain, pertsona bezala hobetu naiteke: nire anai-arreba txikiekin pazientzia ez galdu, bareago hitz egin, nire egiteen ondorioez arduratu, nire familia eta lagunengana gerturatu, Jainkoarekin harreman estuagoak izan”.

Anihan hitzak “uzta aroa” esan nahi du. Neska gazte hauentzat, beraientzat eta beren familientzat etorkizun hobea jasotzeko aukera bat suposatzen du. “Lastima izango litzateke aukera hau aprobetxatuko ez banu” dio Guevarrak.

Anihanen urte honetan ikasten ari diren 120 ikasleak, inguruko probintzietatik datoz: Laguna, Batangas, Cavite eta Quezon. Ikasle guztiak diru-laguntza partziala dute. Neurri handi batean, eskola aurrera ateratzeko behar den dirua Anihanen egindako produktuak salduz lortzen denak eta dohaintza pribatu eta publikoek osatzen dute.