Iñaki Perurena Eraingo ikasleekin

Iñaki Perurena Eraingo ikasleekin

Azken berriak

Iñaki Perurena, harri-jasotzailea eta aktorea, ordubetez jardun zuen atzo, otsailaren 16an, Eraingo ikasleekin bere bi bizibideei buruzko galderei erantzuten. Hona hemen elkarrizketaren laburpena:

Zergatik hasi zinen harriak jasotzen?

Mutikotan, aitonari istorio politak entzunda, holako zaletasun bat sortu zitzaidan. Hasi nintzen neure harriak egiten eta, hamazazpi urte nituela, jasotzen.

Zer da zailagoa, aktore izatea ala harri-jasotzailea?

Ez da erraza. Aktore izatea zerbait interpretatzea da. Papera sinetsi egin behar duzu. Pertsonai bati bizia ematen diozu. Horrela gertatzen zait Goenkaleko Imanolen paperarekin. Haserretu behar dudanean, Imanol haserretzen den bezala haserretu behar dut. Gorputza eta ahotsa ematen dizkiot pertsonaiari.

Herri Kirolak etorkizun ona al du?

Euskal Herriak duen etorkizun bera. Herriak zenbat iraun Herri Kirolak hainbeste. Eta euskal kulturari ere berdin gertatuko zaio, nire ustez.

Zein izan da jaso duzun pisurik altuena?

Harri-jasotzean, beste kiroletan bezala, mota ezberdinak daude: bi eskuz ala esku batez, harri borobila ala karratua, eta abar. Jaso dudan zailena 267 kg esku batez izan da, bi eskuz 320 kg altxa baditut ere. Teknikak garrantzi handia du; indarra bezain garrantzitsua, indar horiek erabiltzen jakitea da.

Zure semeak zuk bezalako markak lortuko dituela uste al duzu?

Oraindik hogeita bat urte ditu. Ez du gorputz egokiena, oso altua delako: 1,95 m. Bere kastigua aitarekin konparaketa horixe da. Nik eman diodan aholkua horretaz ahaztea izan da, egiten duena goza dezala. Kirola egiten duenak zera galdetu behar dio bere buruari: kirolak zer ematen dion eta zer kentzen dion.

Errekor bat lortzen saiatzeko zein da lekurik egokiena?

Leku askotan jardun izan dut harri-jasotzen: zezen-plaza batean, Hondarribiko Santiago auzo txikian – leku atsegina -, belodromoan, eta abar. Bakoitzak du bere alde ona. Errekor bat lortzen saiatzeko, egokiagoa zen belodromoko giroa: jendea zurekin zentratuta zegoen, zuri laguntzen. Auzo baten jaietan jendea zuri begira eta txikitoak hartzen egon daiteke.

Zer aholku emango zenioke 15 eta 17 bitarteko ikasle bati, hain zuzen, aurrean batxilergoa eta karrera bat duenari?

Ni oso ikasle txarra nintzen. Orain liburu pila bat daukat etxean. Amak ikasteko esaten zidan, baina nik ezin nuen eraman aitak eta amak baserrian lan gogorrak egiten ikustea, ni lan haiek egiteko fisikoki hobeto egonda. Gaizki pasatzen nuen ikasten.

Bizitza osoak behar du ikasketa. Bizitza luzea da. Orain egiten ari zareten ikasketa tresna bat da. Entrenamendua da, eta ondo egiteko, sufritu egin behar da. Saiatu gabe ez dago ezer. Zuena beroketa da, prestaketa. Entrenatu baino lehen egiten den beroketa bezalakoa. Orain, ibiltzen ikasi behar duzue.

Nota onak diren esateko, zenbait arlori begiratu behar zaie. Harri-jasotzaile bat ere harri handiak jasotzen izan daiteke ona; beste bat, berriz, txikiak jasotzen.