Aita Santuak: “Emakumeek ez zuten Jesus utzi”

Benedikto XVI.ak asteazkenetako audientzia orokorraren katekesirako emakumeen zeregina Elizaren historian aukeratu zuen gai bezala. Paulo VI. gelan egin zen eta 30.000 pertsona inguru bildu ziren

Aitasantuarenak

  “Jesusek 12 gizon aukeratu zituen Israel berriko aita bezala, berarekin egon eta predikatzera bidaltzeko –esan zuen Aita Santuak– baina (…) ikasleen artean emakume asko ere hautatuak izan ziren (…)Jesusen eginkizunaren esparruan lan eraginkorra bete zutenak. Ama Birjina lehenengoa, bere sinesmenaren eta ama eginkizunaren bitartez era bereziz lagundu baitzuen gure salbamenean” eta “bere Semearen ikasle bihurturik, Gurutzeraino jarraitu zion, non ama eginkizuna hartu zuen denbora guztietako ikasleen alde”.

Ebanjelioko pasarte askoren protagonistak aipatu ondoren, Marta eta Maria, Lazaroren arrebak, edo Susana bezala, Aita Santuak azpimarratu zuen “emakumeek, hamabi apostoluek ez bezala, ez zutela bakarrik utzi Jesus Nekaldiaren orduan. Haien artean Magdalako Maria nabarmentzen da (…) Jesusen piztueraren lehenengo lekuko eta iragarle izanik”. Benedikto XVI.ak oroitarazi zuen Santo Tomas Akinotarrak “apostoluen apostolu” deitzen ziola Magdalako Mariari

Gero, lehenbiziko kristau komunitateez ari zela, Benedikto XVI.ak esan zuen “ez dela bigarren mailakoa emakumeen presentzia hasierako Elizaren esparruan” eta San Paulo oinarrizko hastapen honetatik abiatzen dela: “ez da jadanik bereizketarik judu eta greziarren artean” ezta ere “gizonezko eta emakumezkoen artean”. Gainera, “apostoluak normaltzat hartzen du kristau komunitatean emakumeek profeziak egin ahal izatea, hots, Espiritu Santuaren eraginez argi hitz egitea komunitatearen gogozko onerako”.

 “Beraz, maila apalagoan hartu beharko litzateke San Pauloren aholku ezagun hau: emakumeei ez zaie zilegi batzarrean hitz egitea” –esan zuen Aita Santuak– “itxuraz kontrajartzen diren bi oharpenen arteko erlazioa exegetei uztea komeni dela” azalduz.

“Kristautasunaren historia –esan zuen Aita Santuak– oso desberdina izango litzateke emakumeen ekarpen oparorik gabe” eta Joan Paulo II.a gogora ekarri zuen haren adierazpen hau jasoz: “Elizak gorazarre egiten die emakumeen jenioaren adierazpen guztiei”. 

"Gu ere estimazio honekin bat gaude, Jaunari eskerrak emanez, belaunaldi eta belaunaldietan bere Eliza gidatzen duelako gizonez eta emakumeez baliatuz, bereizketarik egin gabe, hauen sinesmenak fruitu ematen duelarik elizaren gorputz guztiaren onerako.

  • Vatican Information Service (VIS)